41. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola
  • hasiera
  • Elkarrizketa
  • gure-sentimenduak-adierazteko-modua-da-gure-barrua-askatzen-laguntzen-digu

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

Gure sentimenduak adierazteko modua da, gure barrua askatzen laguntzen digu

irudia

Xabi Lazkano 1997ko   maiatzaren 24an   jaio zen Usurbilen eta bertan bizi da, 20 urte ditu eta  sareko sistema informatikoen administrazioa ikasten du. Horrez gain, Kezka musika-taldeko kidea da eta bere denbora librean Usurbil F.T- ko talde bat entrenatzen du.

IKZ: Badakigu musika talde batean jotzen duzula, Kezka izenekoa, nondik dator pasio hori?

Xabi: Beti erakarri nau musikak, txikitatik entzun dut mota guztietako musika eta pixkanaka nire gustuak definitzen joan naiz. Denborarekin gustuko estiloetan nire sorkuntzak egiteko gogoa sentitu dut, edo gustuko dudan musika hori imitatzeko nahia. Urteekin hau dena forma hartzen joan gara orain denera iritsi arte.

IKZ: Zer da zuen taldearentzat musika?

Xabi: Gure sentimenduak adierazteko modua da, gure barrua askatzen laguntzen digu.

IKZ: Noren ideia izan zen taldea sortzea?

Xabi: Taldeko gitarrista eta bateria-jotzaileak bultzatu zuten taldearen sorrera. 

IKZ: Nola sortu zenuten taldea?

Xabi: Aurretik beste talde batzuetan gure lehen pausoak ematen hasiak ginen baina zerbait ezberdina egin nahi genuen. Gustuko estilo bat jorratu nahi genuen seriotasunarekin.

IKZ: Zer musika estilo jotzen duzue?

Xabi:Ez da erraza estilo batean katalogatzea, ez gara estilo zehatz bat sortzen saiatzen baina gure musika definitu behar bada “trash metal melodikoa” dela esango genuke.

IKZ: Zergatik taldeko izen hori?

Xabi: Gazteak gara eta hamaika kezka ditugu. Taldea gure kezkak munduari azaltzeko modu bat bezala ulertzen dugu. Gure helburuetako bat gazteen kontzientzia piztea dela esan dezakegu, hori da gure kezka handi bat; gazteria lokarturik ikusten dugu.

IKZ: Zein da zure eginkizuna musika taldean?

Xabi: Taldean baxua jotzen dut. Bateria-jotzailearekin batera gure abestien oinarria egiten dugu. Horretaz gain, bigarren ahotsa ere egiten dut.

IKZ: Etorkizunari begira zein asmo duzue musika munduan?

Xabi: Taldearekin aurrera jarraitzeko gogo handia dugu. Iaz maketa bat grabatu genuen eta zenbait kontzertu eman ditugu. Orain lanean ari gara kantak sortzen eta gure helburua, sorkuntza amaitzean estudioko gure lehen diskoa grabatzea da.

IKZ: Zein esperientzia bizi izan dituzu taldearekin?

Xabi: Esperientzia oso anitzak bizi izan ditut, bertan behera geratutako kontzertuak, jende gutxiko kontzertuak, lagun berriak… Gauza positiboenetako bat jende berri mordoa ezagutu dudala da, musikak herritik ateratzeko aukera ematen du eta giro ezberdinetako jendea ezagutzea ere. Kontzertu batzuetan oso harreman beroa izan dugu publikoarekin eta hori oso esperientzi polita izan da.

IKZ: Astean, zenbateko maiztasunarekin egiten dituzue saioak?

Xabi: Iaz astean behin entseatzen genuen denbora arazoak genituelako, aurten berriz, astean bitan aritzen gara.

 

IKZ: Bestetik badakigu U.F.T.ko neska talde bat entrenatzen ari zarela. Noiz hasi zinen horretan?

Xabi: Betidanik gustatu izan zait gazteekin lan egitea eta zaletasun hori futbolarekin lotzeko aukera izan nuenean ez nuen zalantzarik izan. Duela bost urte izan zen hori, hasiera batean pare bat urteko kontua izango zela pentsatu nuen baina bost urte pasa ostean oraindik ez da etapa honekin amaitzeko momentua iritsi.

IKZ: Nondik dator futboleko afizio hori? Zuk ere jolasten al zenuen?

Xabi: Txikitan (gehienok bezala) errealaren partiduak ikusten nituen eta pasio handiz bizitzen nituela oroitzen naiz. Lagunartean asko jokatzen genuen, oso oroitzapen onak ditut ikastolako plazan jokatutako partidotaz. DBH1ean geundela futbol 11 jokatzen hasi ginen eta pixkanaka nire jokoan konfiantza hartu nuen. Urte haietan futbol munduan oso murgildurik nengoen eta beraz, ez nion uko egin talde bat entrenatzearen eskaintzari. Nik bitartean jolasten jarraitzen nuen eta taldean oso ondo zihoan dena, kategoriaz igotzea ere lortu genuen. 

IKZ: Zergatik utzi zenuen kirol hau praktikatzeaz?

Xabi: Ikastola amaitzean etapa berri bat hasi zen gure bizitzetan eta denbora ondo kudeatu behar nuen. Ikasketek denbora asko eskatzen zidaten eta musika munduan sartzen hasia nintzen ordurako. Ikusi nuen momentu horretan gehiago ematen zidala entrenatzen nuen taldeak nire talde propioak baino. Horretaz gain zenbait lesio izan nituen bizkarrean eta ez nuen guztiz osatzea lortu. Arrazoi hauengatik eta beste zenbaitengatik, futbolean jokatzeari uztea erabaki nuen.

Resultado de imagen de usurbil ft


Azalera itzuli