38. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

EZ, EZ, EZ INDARKERIARIK EZ!

irudia

Honako hauxe da genero-indarkeria: "Emakumeen aurkako indarkeria, emakumeari emakume izateagatik egindako indarkeria da. Zehatzago, sexu-bereizkerian oinarritzen den eta emakumea helburu duen edozein indarkeria ekintza da, emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragiten diena edo eragin diezaiekeena, baita halako ekintzak egiteko mehatxuak, hertsadura edo askatasun-kentze arbitrarioa ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatuak.".

 

Sei indarkeria mota ezberdindu daitezke: fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, soziala eta jazarpen sexuala eta/edo lan-ingurunean sexuagatik gertatutako jazarpena

 

-Indarkeria fisikoa:

Ez du beti kanpoko aztarnarik uzten, eta, batzuetan, tratu txarrak ematen dituenak markarik utzi gabe jotzen “ikasten du” edo agerian jarriko ez diren gorputz-ataletan jotzen du. Hori dela eta, errazago ulertu dezakegu tratu txarrak ematen dituena ez dela gaixoa, etekina ateratzeko jokatzen duela horrela eta erasoen mota zein intentsitatea bere interesen arabera mailakatzeko gai dela. Gainera, beti-beti, boterea eta kontrola erabiltzeko jokatuko du horrela. Emakumeari min ematean edozein egintza hartuko da kontuan, emakumeen gorputzean kalterik eragiten duenean edo eragin dezakeenean: oratuak, bultzadak, zartadak, kolpeak, ebakidurak, zauriak, hausturak, erredurak, hilketa…

 

-Indarkeria psikologikoa:

Indarkeria psikologikoan, osotasun psikiko eta emozionalean kaltea eragiten duten edo eragin dezaketen jokabideak hartuko dira kontuan: irainak, mehatxuak, isolamendu soziala, garrasiak, zure aurrean gauzak jotzeko joera, zure egintzen edo izaeraren aurkako gutxiespenak, erruduntasuna, xantaia emozionala… Min fisikoa bezain agerikoa ez da, baina jasaten baduzu edo jasan baduzu, badakizu marka larriak uzten dituela zure buru-estimuan nahiz aurrera egiteko baliabideetan eta, oro har, pertsona moduan dituzun askatasunean eta oinarrizko eskubideetan ere bai. Ondorioak larriak dira benetan: hiperzaintza, insomnioa, kontzentratu ezina, ikasteko eta lan egiteko gaitasunen suntsipena, motibaziorik eza, estutasuna, tentsioaren ondorioz min muskularrak, antsietatea eta depresioa eta suizidioa ere bai.

Indarkeria psikologikoa maitemintzeko etaparen ostean hasten da. Bertan, tratu txarrak ematen dizkizunak zure izaera ezagutzen ikasiko du, eta, zure “ahuleziak” zein diren badakienez, apurka-apurka zu menderatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu, baina ez zara ezertaz ohartuko. Hasieran, “asmo oneko” iruzkinak izan daitezke, oso babesleak diren jarrerak, baina, egia esan, kontrola edukitzeko egintzak dira. Era berean, “txantxak” ere izan daitezke, eta min emateko benetako asmoa ere galdu dezakete, zure gainetik geratzeko...

Apurka-apurka, hutsaren hurrengoa zarela sentitzen duzu, gero eta menpetasun handiagoa duzu berarekin, zeure nahiak eta pentsamenduak galtzen dituzu, ez zara zeure kabuz erabakitzeko gai eta gertatutako guztiaren erruduna zarela eta irtenbiderik ez duzula uste duzu.

 

 

 

 

 

-Indarkeria sexuala:

Emakumearen borondatearen aurka amaituta edo amaitu gabe egindako edonolako egintza sexuala. Inoiz inolako presiorik sentitu duzu, zure harreman sexualetan egin nahi ez zenuen zerbait egiteko edo nahi ez zenuen harreman sexuala edukitzeko? Bikotean bertan gertatutako indarkeria sexuala ezezagun baten edozein eraso sexual bezain larria da, horrelako egoera identifikatzea zailagoa den arren. Izan ere, oraindik ere indarrean dago esatea bikotean gustuko ez dituzun gauzak ere egin behar direla eta gizonari plazera eman behar zaiola, kanpora bila joan ez dadin... Gaur egun ere, indarrean dago esatea emakumeak gizonak baino pasiboagoak izan behar direla harreman sexualetan eta oso-oso atseginak izan behar dutela.

 

Bikotean bertan gertatutako indarkeria sexuala bestea kontrolatzeko eta menderatzeko beste modu bat da, eta tratu txarrak ematen dituenak erabili egiten du, "harremanean nork agintzen duen" argi eta garbi uzteko. Duela gutxira arte, legeetan ez zituzten kontuan hartzen bikoteko bertako eraso sexualak, arruntzat hartzen zituztelako. Emakumeen askatasun sexuala gehien urratu diren eskubideetakoa da eta oraindik ere urratu egiten da, bikotetik kanpo zen bikotean bertan. Hain zuzen ere, honako hauexek ditugu hizpide: abusu sexualak, bikotetik kanpoko zein bikote bertako eraso sexualak, lan zein hezkuntza arloko jazarpen sexuala, nahitaezko prostituzioa, emakume nahiz nesken salerosketa, mutilazio genitalak, nahi gabeko haurdunaldiak, oso baldintza txarretan erditzeagatik gertatutako heriotzak, fetua neskatila denean egindako abortu hautatuak...

 

-Indarkeria ekonomikoa:

Honelako indarkeria arruntagoa da, tratu txarrak ematen dituena eta emakume erasotua elkarrekin bizi direnean. Izan ere, gizonak etxean sartzen den dirua nola erabili kontrolatzen du, eta behin eta berriro esaten du bera dela diru gehien irabazten duena (nahiz eta zuk gutxiago irabazi, seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa edo eszedentzia eskatu duzulako…). Azken batean, lan egiten uzten dizu ala ez, baina dirua eman behar diozu ezinbestean, edo, bestela, berak erabakitzen du zertan erabiliko diren diru-sarrerak. Azken aspaldion, beste indarkeria ekonomiko bat agertu da elkarrekin bizi diren bikote gazteen artean, hau da, gizonak ez du lan egiten eta emakumeak bai, baina, hala ere, gizona bera da diru-sarrerak kontrolatzen dituena.

 

-Indarkeria soziala:

Tratu txarren lehen zantzuetakoa isolamendu soziala da, tratu txarrak ematen dituenak emakumea isolatzen duelako erabat. Sotiltasunez egiten du, bere adiskideak kontrolatzen ditu etengabe, bere lagunak kritikatzen ditu eurekin irten ez dadin, xantaia  emozionala egiten dio aisialdian berarekin bakarrik egon dadin... Halako batean, konturatzen da emakumea bakar-bakarrik dagoela, itota sentitzen da zeharo menderatuta eta kontrolatuta dagoen harremanean, ez daki norengana jo, nork lagundu ahal dion…

    Seguruenik, ez die deitu nahi izan eta ez du bere familiarekin egon nahi izan, bizi duena ezkutatzeko edo, hainbatetan euren laguntza gaitzetsi duenez, bikotea noiz utziko ote duen zain egoten aspertu direla... Oso kontuan hartu isolamendua oztopo nagusietakoa dela egoera horretatik irteteko orduan. Beraz, egoera horretan bazaude, zeure isiltasuna eta isolamendua hausteko lehendabiziko eremua bilatu.


 

-Jazarpen sexuala eta/edo lan-ingurunean sexuagatik gertatutako jazarpena:

Pertsonaren duintasunaren aurka egitea helburu duen hitzezko edo arlo fisikoko edonolako jokabidea da jazarpen sexuala, baina, batez ere, larderiazko ingurune laidogarri bezain iraingarria sortu nahi duenean: zirriak, hitzezko edo e-posta bidezko iradokizun sexualak, batzuetan lan-igoerarekin lotuta dauden mesede sexualak... Lan-ingurunean sexuagatik gertatutako jazarpenak zerikusi zuzenagoa dauka bereizkeriazko edonolako jokabidearekin, betiere emakumeen duintasunaren aurka egiten badu emakume izateagatik baino ez; esate baterako, emakume izateagatik lanpostuko zeregin bat egiterik ez duzula adierazteko iruzkin gutxiesgarriak, horri buruzko txisteak…

 

Gure ustez, emakumeen aurkako indarkeria geroz eta nabarmenagoa da. Munduan lehen baino salaketa gehiago egoten edo ikusten dira, beldur gutxiago dugulako. Gure ustez, honen arrazoia emakumeak gure artean laguntzen garelako da. Baina hala ere, indarkeriaren ondorioz gertatzen diren heriotzak handitzen ari direla uste dugu. Egoera latz honi erremedioa jarri beharko geniokela iruditzen zaigu.


Azalera itzuli