37. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

MEREZI AL DU DROGAK KONTSUMITZEAK?

irudia

 

Drogen barruan sartzen dira bai sustantzia legalak (alkohola, tabakoa...) eta baita ilegalak ere (kokaina, haxixa eta speed-a...).

Alkohola eta tabakoa drogatzat hartzen diren substantziak dira, hauek kontsumitzeak organismoan eraginak sortzen ditu (fisikoak eta psikikoak), eta, gainera, mendekotasuna eragin dezakete; hauen kontsumoa kaltegarria da.

Emakumeek gutxiago kontsumitzen dute alkohola, emakume abstemioak (alkohola kontsumitzen ez dutenak) gizonezkoen bikoitza dira, eta alkohola kontsumitzen duten gizonen artean arriskuzko edaleak eta gehiegi edaten duten gizonak ia erdia dira.

Pertsona asko drogak kontsumitzen hasten dira bere inguruarengatik, hau da, beraien lagunek drogak kontsumitzen badituzte, beraiei ere eskaini egingo zaie eta pertsona askok eskaintza onartu egiten dute. Beste pertsona batzuk droga kontsumitzen hasten dira lagunen aurrean “ondo geratzeko”.

 

Alkohola eta drogak kontsumitzearen ondorioak hauek izan daitezke:

- Ondorio fisikoak: nekea, osasun kontuetan ondorio asko, begi gorri eta distira gabeak eta eztula.

- Ondorio emozionalak: jarrera pasiboa, auto-estima baxua, bat-bateko umore aldaketak …

- Ondorio familiarrak: familiarengandik aldentzea, kasu ez egitea, gurasoei gaizki erantzutea.

- Ikasketetan ondorioak: nota baxuak, jarrera negatiboa, diziplina falta, klasera faltatzea.

Alkoholaren beste arazo bat, hainbeste hedatu den "botellon" fenomenoa da. Fenomeno honek sortzen dituen arazoak ez dira gazteen osasunean sortutakoak soilik, inguruko jendeari ere arazo asko sortzen dizkie. Festa edo “botelloia” gertatu den tokian zabor piloa geratzen da. “Botelloiak” gau osoa irauten badu eguneko lehenengo orduetan dagoen soinua ikaragarria da eta auzokoak asko kexatzen dira ezin dutelako lorik egin. Komunikabideetan etengabe agertu arren, ez dira ekintza orokortuak. Izan ere, hilean behin egiten dutenen portzentajea ez da % 15era iristen. Jarduera hori adin-talde gazteenetan egiten da gehienbat. 

Adingabeetan alkohola kontsumitzeak berehalako ondorioak izan ditzake, eta, gainera, larriak, adibidez koma etilikoa, gogoratu duela oso gutxi 12 urteko neska bat hil dela Madrilen. Espainiako Gobernuak isuna jartzea pentsatu du koman behin baino gehiago bukatzen duten adingabeen gurasoei. Baina ondorio kaltegarriak ere ekarri ditzake epe luzean, hala nola alkoholarekiko adikzio kronikoa .

Nerabeen garuna bereziki ahula da alkoholaren ondorioen aurrean. Azken urte hauetan, ikerketa zientifiko askok egiaztatzen dute lotuta daudela nerabeen alkohol-kontsumoa eta kalte zerebrala.

Heldutasun psikologikoa ez izateak –nerabezaroaren berezko ezaugarria– zaildu egiten du alkoholaren kontsumoak eragiten dituen sentsazio eta ondorio asko maneiatzea. Murriztu egiten dira arreta, erreakzionatzeko gaitasuna eta denbora, eta zaildu egiten du erabakiak hartzea.

Hortaz, nerabeek alkohola kontsumitzeak haien osotasun fisikoa eta psikikoa arriskuan jartzen du, eta gainera, agresibitatearekin, istripu-tasarekin, sexualitatearekin eta osasun publikoarekin lotutako jokabide arriskutsuekin lotzen da.

Tabako erretzaile kopuruan ez da aldaketa nagusirik egon azken bi hamarkadetan. Hala ere, aldatu egin dira kopuru horri konstante eusten dioten faktoreak:

Alde batetik, modu positiboan ikus daiteke pertsona ugari daudela erretzaileak izan zirenak eta uzteko gai izan direnak.

Baina bestalde, alderdi negatiboa da belaunaldi berriek tabakoa kontsumitzen hasten jarraitzen dutela, lehen baino indar handiagoarekin gainera.

Emakumeen kasuan, gutxiago kontsumitzen dute tabakoa, baina erretzaile ohi gutxiago daude, eta inoiz erre ez dutenen taldeak pisu handiagoa du.

Erreportaje honekin ez dugu esan nahi ez alkoholik edateko, ez tabakoa ez erretzeko edo ez drogatzeko ere, baizik eta bata edo bestea kontsumitzen dugunean jabetzea hauek zer eragin dituzten, eta osasunarentzako kaltegarriak direla jakitea bai epe motzean nahiz luzean. Zaindu ezazu zure osasuna!

 

 

 

 

 

 


Azalera itzuli