34. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

INAUTERIAK LEHEN ETA ORAIN

irudia

 
Badatoz inauteriak!!! Badator festarako unea, ondo pasatzeko unea, beste herrietara joateko unea… Baina beti horrela izan al da? Herri askotan, ez. Gerra zibilaren ostean Euskal Herriko inauteriek 180 graduko bira bat eman zuten. Debekatu egin zituzten gehienak. Jendea beldur zen, eta Frankok debekatu zituenean, gauzak ez ziren berdinak izan. Urrutira joan gabe inguruko herrietako tradizioei buruz hitz egitera gatoz.

Lehengo Inauteriak:
Inauteriak asko aldatu dira lehengotik oraingora. Lehen mutilak bakarrik ateratzen ziren festa egitera. Neskak egunez dantza egitera ateratzen ziren eta ilundu baino lehen etxera joan beharra izaten zuten. Egun guztian, joareak (zanpantzarrak) ibiltzen ziren, ostatuan bazkaltzen zuten eta kafea hartzen etxez etxe ibiltzen ziren. Bi gaztek (Iturengoek danbolin nagusia eta Aurtizan giltzariak) inauteak prestatzen zituzten, eta urtero aldatzen ziren. Asteazkenean (Austerri egunean) kontuak egiten zituzten eta etxez etxez neskak diru eske ibiltzen ziren. Mutilak, Santa Luzietan neskari turroia ematen bazion, neskak inauterietan piper opila ematen zion. Hasieran herritarrek aurpegia trapu zaharrekin estaltzen zuten, arropa zaharrekin mozorrotuz. Mozorroak oso gaiztoak izaten ziren. Edozer gauzarekin edo harrapatzen zutenarekin jendeari mina egitera joaten ziren eta jende oso gutxi joaten zen plazara, denak beldurtuta egoten zirelako. Aurpegia trapu zaharrekin estaltzen zuten, maskarak ez baitziren izaten orduan. Oso karroza gutxi izaten ziren eta orain baino landuagoak izaten ziren.Zubietan joareak korrika joaten ziren eta Ituren eta Aurtitzen oinez joaten ziren. Periko Monako zena, Zubietara joan zen bizitzera, zubietarrei joareak Iturendarren erara jotzen erakutsi zien. Buruan ez zuten ttuntturroa (zanpantzarrek buruan eramaten duten konoa) erabiltzen, txapelarekin jotzen ziren. Azpiko gonarik gabe, galtza urdinik gabe… eta edozer arroparekin jotzen ziren gerriko larruarekin. Lehengo garaian joareak (zanpantzarrak) ez ziren egunez jotzen, arratsez jotzen ziren. Franko garaian inauteriak egiten ziren, baina ez inauteri egunetan, debekatua zegoelako, gordeka egiten ziren. Lehen ez zen kanpotarrik etortzen, ez zekitelako hemengo inauteriak noiz ziren.





Eskolako inauteriak
Udarregi ikastolan ere inauteriak ospatzen ditugu urtero. LH-ko ikasleak desfilea egiten dute herri osotik, DBH-ko ikasleak klasean dauden bitartean. Ondoren LH-ko ikasleak kiroldegian jaialdiari hasiera ematen die DBH-ko ikasleak prestatzen diren bitartean. LH-koek beraien dantzak bukatzean DBH sartzen da kiroldegira beraien jaialdia burutzera. Bukatzean, DBH koek beraien artean antzerkiak, dantzak, magia… bakoitzak nahi duena egiten dute besteen aurrean. Bukaeran DBH4 ko ikasleen argazkiak jartzen dituzte txikitakoak eta oraingoak eta eskerrak ematen dizkie.


INGURUKO TRADIZIOAK: AZERI DANTZA
Gutxi ezagutuko dugun tradizioa da hurrengoa: Hernaniko azeri dantza. Ez da Tolosako konpartsak edo Brasilgo inauteri ezagunak bezalakoa, baina herri honetan oso maitatua den tradizioa da. Ohitura hau oso zaharra da, ez baitakigu noiz hasi zen egiten. Dokumentaziorik zaharrena 1754koa da. Festaren zati garrantzitsu bat da. Hasiera batean inauterietan bakarrik egiten zen, baina Francok debekatu zituenean, San Juan jaietan egitera pasatu ziren. Inauteri larunbat eta astelehenean ateratzen da azeri dantza. Hasiera batean ez zuen “Maskuri dantza” izeneko bigarren izena. Izan ere, aspaldiko garaietan, lehenengoak eta azkenekoak eramaten baitzuten maskuria. Besteek, irina, arrautzak, koloratzaileak eta bestelako zikintzekoak eramaten zituzten. Gaur egun, gauzak aldatu egin dira. Sokako guztiek eramaten dute maskuria. Lehen, sokako lehenengo pertsonaren lana zen, maskuri gutxi batzuk prestatzea. Orain, azeri dantzak 100-200 maskuri birrintzen dituenez, talde antolatu bat dago, maskurien prestaketaz arduratzen dena.Aspaldian, azeri dantzan soka askatzen zuenak betirako ohorea galduko zuela sinisten zen. Gaur egun, ez dute sinismen handirik gai honetan eta atsedenaldietan soka uzten dute. Inauterietan, goizeko 10:00 herriko plazan biltzen da gazte talde bat (San Juanetan, goizeko 9:00). Esku batean, esku guztietatik igarotzen den soka bat dute, eta bestean maskuri bat. Txistularien melodiaz abiatzen dira, azeri burua duen dantzari batek gidaturik. Musika azkartzen denean, sokarekin jendea inguratu eta maskuri-kolpe gogorrak banatzen hasten dira. Melodia aurreko erritmora bueltatzen denean jendea askatu eta kaleetako portal batean ezkutatzen dira. Azeria bihurrikerietan dabilen bitartean, soka etxeen atzeko ateetatik irten eta beste leku batetik sartzen da. Beste etxe baten portaletik ateratzen da musika azkartzen den momentuan, eta aurreko karga bera askatzen da. Urumea kalea eta Kale Nagusia loturik daude, Hernaniko etxeen diseinu estrategikoek ahalbidetzen dutelako. Baina azken urteetako eraikinen konponketek pasabideak gutxitzen dituzte eta ibilbidea askoz ere linealagoa da; lehenengo kale bat, eta gero beste kalea. Korrika biziko jardunaldi honek, ordu eta erditik gora irauten du. Urumea kalea jaitsi, eta Kale Nagusitik igotzen da soka. Gudarien plazan eta Plaza Berrian, azeriak dantza egiten du Idiarena kantuarekin. Kale buelta egin ostean, eta Gudarien plazara ailegatzen direnean, borobilean jarri eta dantza egiten dute sokako partaide guztiek, ahal duten moduan. Maskuria lurrean uzten dute, eta trakets dantzatu ondoren, maskurien gainera salto egin eta lehertu egiten dituzte, ekitaldia amaituz. Hernaniko biztanleek asko eskertzen dute partaideen esfortzua, baldintza fisiko jakin batzuk eskatzen baititu.
  INAUTERIAK ETA GARIZUMA Ezer baino lehen aurreratu behar dugu bai Aratusteak bai Inauteriakhitz erabat zuzen eta egokiak direla –beste aldaki batzuekin batera– Garizuma hasi aurretiko jai-tartea izendatzeko. Izatez, hiru eguneko –igandetik asteartera– jaiak ziren Aratusteak edo Inauteriak. Hala ere, gaur egun, tradizioa aldaturik, larunbata izaten da egun esanguratsuena, lan-mundu modernoak hala behartuta. Baina azter ditzagun izenak. Gaztelaniaz "cerdo", "cochino", "tocino" eta bestelakoak erabil daitezke "txerri" (gurean, "txarri" aldakia) esateko. Eta guztiak dira ezagunak hiztun gehienentzat. Hala ere, edozein erabili ahal izateko askatasun horren barruan, bada kontuan izateko lurraldetasun faktorea, bataren edo bestearen aldeko hautua egiten dugunean. Esate baterako, oro har, "Chon"Kantabrian baino ez genuke erabiliko; eta "cochino" Andaluzian, "cocho" Galizian,"guarro" Extremaduran, "cuto" Nafarroan edo "tocino" Aragoin... Eta gurean, Aiaraldean,"cerdo". Horrela gauzak, nekez antolatuko genuke "Conferencia sobre la matanza del guarro" moduko bat bizi garen lekuan: "...del cerdo" erabiliko genuke batere dudarik izan gabe. Halarik ere, gaztelaniarako eztabaidaezin suertatzen zaigun logika hori ez dugu euskaraz ari garenean aplikatzen. Inauteriak Nafarroa Garaian eta Beherean eta Gipuzkoako herri askotan erabilitako hitza da. Mendebaldean (Bizkaian, Araban, Gipuzkoako zati batean...), aitzitik, Aratusteak erabili izan da. Beraz, bizi garen tokian, azken hau erabiltzea legokiguke, arestian esan bezala. Gainerako euskalkietan egin bezalaxe, nori berea... Baina, ez dakigu zergatik, ez dugu horrela egiten. Egia da, Aratusteak hitzarekin alderatuta, Inauteriak dela hitz orokortuena, estandarizatuena eta egokiena maila "abstraktuan" edo irekian ari garenean. Esate baterako, euskarazko ikerketa orokor batean nekez erabiliko genuke "Aratusteak Euskal Herrian". Baina, esparru hurbilenean, tokikoan, "gureagoa" denari eutsi beharko genioke, legez eta bidez. Azken urteotan, alabaina, hainbat ahalegin egin da Aratusteak berpizteko edo, hobeki esanda, ekialdetik datorkigun "Inauteriak" hitzaren azpian betiko ito ez dadin saiatzeko. Baina, beste behin, gure euskara-gutxiagotasun konplexuak eta gure herri-ohiturak desnaturalizatzeko joerak (gureei bizkarra emanda, "zahar itxurako" berriak ezarriz) ahalbidetu dute gure hitzaren baztertze egoera. Edonola izanda ere, Inauteriak izendapen orokorrarenaren alde egitea erabakitzen badugu, kontuan izan behar da "ñ" soinua ahoskatu litekeela baina ez idatzi: oraindik askotan ikusten dugun Iñauteriak hori gaizki dago. Eman diezaiogun aukera bat, bada, Aratusteak gure hitzari. Eta ez ahaztu bihar, aratuste-martitzeneko gauean, gaizki egindakoak erretzeko eta ziklo berri bati hasiera emateko unea dela: aukera paregabea aldaketak barneratzeko. Hala bedi…


Azalera itzuli