33. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

KMK 2015 BALIOESPENA

irudia

IKZ:Kaixo,IKZ-tako ikasleak gara, eta KMK ekimenari  buruzko balioespen bat egiteko elkarrizketa bat egingo diogu Eñaut Lasarteri.

IKZ:Kilometroak 2015 nolakoa izan da, 1etik 10era?
E.L:10eko perfekzio osoan sinisten ez dudanez, 9.8 bat emango diot. Borobila bai, baina borobilegia ere ez, perfektua existitzen ez delako. Orduan, 9.8 bat.
IKZ: Arazo asko izan al dituzue egun handian? Nolakoak?
E.L: Arazo txikiak beti sortzen dira. Arazoak sortuko ez direnaren ustea, uste ustela da. Arazoak beti sortzen dira, baina arazo horiei aurre egin zitzaien antolakuntza eder eta auzolan baten bitartez. Baina arazoak baino gehiago izan dira egunak eman dituen puntu positiboak.
IKZ: Abendutik urriaren 4-erainoko prozesu osoko momenturik politena, zein izan da?
E.L: Prozesu osoko momentu polit bakarra izendatzea, ez litzake zuzena izango. Momentu polit asko egon dira, eta horien batura ere oso polita izaten ari da. Baina, bat gogoratzearren, oso gertu eduki nuelako, KMK egunaren bezperetan eta igande goizean, usurbildar ezberdinak petoak jantzita, bere lekura, bere gunera, bere ardura betetzera joaten ikustea izan zen gogoangarria.
IKZ: Dena aurreikusi bezala irten al da?
E.L: Dena aurreikusi bezala irten dela esatea ere, ez zen zuzena izango. Aurreikuspenak egiten direnean, aurreikuspen horien arabera jokatzen saiatzen gara. Baina, ia beti, aurreikuspenak aurreikuspen, beti egoten dira arazo txikiak edo inprobisatzeko momentuak. Kasu honetan, bai KMK egunean, bai urte guztian zehar, nahiz eta aurreikuspen eta plangintza egokiak egin, inprobisaziorako jarrera ere eduki dugu eta inprobisatu behar izan da, eguraldia tarteko kasu honetan.
IKZ: Zenbat jende etorri zen, gutxi gora behera?
E.L: Gutxi gora behera, 60.000 pertsona etorri ziren KMK egunera.
IKZ: Alkoholarekin istripu larririk egon al zen?
E.L: Bai, alkoholaren gehiegizko kontsumoa dela eta, istripu larri batzuk egon ziren, zenbait kasu, zeren eta, gainean zeramaten mozkorra hain handia zen,ez baiziren, beren buruaren jabe izan, eta larrialdi postuetan egon behar izan zuten. Orduan, kasu horiek egon badaude, eta identifikatzen dugu alkoholaren gehiegizko kontsumoa arazo handi bat dela KMK egunean, eta batez ere, gazteen artean.
IKZ:Zein izan zen gune jendetsuena? Ze ordutan? Zergatik?
E.L: Gune jendetsuena Aranerrekako gunea izan zen, eta batez ere Betagarrik jo zuenean, hau da bazkalorduan.
IKZ:Zein izan zen ekitaldi jendetsuena?
E.L: Ekitaldi jendetsuena? Aipatu bezala Betagarriren kontzertua izan zen jendetsuena, Anaerrekako gunean eta bazkalorduan. Zergatik? Batik bat ikastolen festa honetara ikasle eta gazteak etortzen direlako. Nik ikasle izateari aspaldi utzi nion, gazte banaiz oraindik, baina iruditzen zait adin tarte horretan Betagarri oso gustokoa den talde bat dela.
IKZ: Aurreikusten zenuten diru guztia lortu al zenuten? Edo gehiago lortu zenuten? Zenbat guztira?
E.L: Diru kontuak oraindik itxi gabe ditugu. Abendua aldean emango dugu berri Sutegin eta Udarregi ikastolan egingo diren bilera irekietan. Hala ere, oraindik datu zehatzak ez ditugun arren, nahi baino diru gutxiago bildu dugu, baina uste baino gehiago. Beti nahi izaten da gehiago bildu, baina hala ere urte guztiko lanketarekin (gure zozketa, arropa salmenta…) eta lanarekin, emaitza ederrak lortu dugun ustearekin gaude. Ikusiko dugu ea horrela den behin kontuak ixten ditugunean.
IKZ: Kontzerturik bertan behera utzi zen? Eta lekuz aldatu baziren, nora aldatu ziren?
E.L: Eguraldia tarteko, haize zakar xamarra atera zen. Eguerdi aldean euri pixka bat ere egin zuen. Eta hegoaldera begira zeuden oholtzak globoak bezala puzten ziren, eta beraz arrisku handiko uneak sortu ziren horren baitan. Orduan, Anaerrekako azken kontzertua bertan behera utzi zen, Eskean Kristo taldearena. Txaragañako gunean, bi ikuskizun bertan behera geratu ziren, eta ikastolako gunean, Labriten ikuskizuna bakarrik burutu zen. Ondorengo guztiak bertan behera utzi ziren. Taldeek bazuten prestutasuna beste guneetan jotzeko, baina teknikoki oso zaila zen. Hori dela eta, bertan behera utzi behar izan ziren eta ez zen talde horien ikuskizunik burutu.
IKZ: Euria traba izan al zen?
E.L: Euria traba izan zen, baina eguraldiaren aurka ezin denez ezer egin, traba horiek tarteko, ahalik eta auzolan eta antolakuntza txukunenarekin, ba inprobisatuz neurri handi batean, arrisku gunerik sor ez zedin lanak burutzen, eta azkenean egiten den balorazioa, nahiz eta eguraldia zakartu zen, arrisku horiek ekidin eta jaiarekin aurrera jarraitzea lortu genuela da.
IKZ: Zure aldetik egunaz gozatzeko aukerarik izan al zenuen? Ala denbora guztian antolakuntzan sartuta egon zinen?
E.L: Denbora guztian antolakuntzan sartuta ibili ginen, hainbat jende eta hainbat pertsona, Kilometroak egunean antolakuntzan sartuta egonda ere, eguna beste era batera gozatu genuenak. Gure aldetik ere esperientzia ederra izan zen, eta guk ere eguna ospatu eta eguna gozatu genuen.
IKZ: Non eduki zenuten antolakuntzaren zentral nagusia? Edo zentral bat baino gehiago eduki zenituzten?
E.L: Antolakuntzaren zentral nagusia ikastolan bertan egon zen. Bertan bazeuden gela ezberdinak: irratikoen gela, komunikazioen gela, koordinatzaile edo batzorde ezberdinetakoen gela… Baina zentral nagusia ikastolan egon zen arren, guneetan ere bazeuden arduradun ezberdinak, batetik zentral nagusiarekin komunikatuta egoteko, eta bestetik guneetako arazo eta ezustekoei alerta edo irtenbidea emateko.
IKZ: Beraz nolako balorazioa emango diogu KMK15 jaiari?
E.L: Ba esandakoa. Zenbakitakoa errepikatuz 9,8 bat emango diot. Oso oso ederra, hunkigarria, emozioz betea, trantze askotan jarri gaituena, bai urtean zeharreko lanak (abestia, bideoklipa, arropa salmenta, gure zozketa…), ekimen asko, KMK eguna ere ederra izan zen… Orduan esandakoa. Ederra, hunkigarria, gauzak nola egin diren ikustea ere ikusgarria izan zen, alde horretatik gure izaera ere erakutsi dugu, eta horrela izaten jarraituko dugu.
Hemen duzue KMK eguna bideo batean.



Azalera itzuli