32. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

AMA EDO AITA?

irudia

Azken aldian pil-pilean dagoen gaia da zaintza partekatua. Justua al da sistematikoki seme-alabak amarekin joatea? Zuk zer egingo zenuke? Badakigu galdera hauek zailak direla, agian ez dituzula inoiz planteatu ere egin, baina beharbada egunen batean egoera horretan aurkitu zaitezke.

Bikote bat banatzen denean, asko dira hartu behar dituen erabakiak. Are gehiago seme-alabak baldin badituzte. Hain zuzen ere, lehen hartu beharreko erabakietako bat haurren zaintzari buruzkoa da. Bi dira horretarako bideak: guraso bakarreko zaintza edo zaintza partekatua. Kasu askotan, ordea, gurasoak ez dira ados jartzen, eta familia bitartekaritzara edo epaitegira jo behar izaten dute. Zaintzeko moduaz gain, hala ere, gurasoen arteko komunikazio beharra eta aukeratutako zaintza mota eduki beharra nabarmentzen dute alor horretako adituek. Ezeren gainetik haurren ongizatea eta eskubideak bermatzea dela garrantzitsuena diote.

Hego Euskal Herrian 2005-ean sartu zen indarrean Dibortzioaren Lege berria. Bertan, ateak zabaltzen zitzaizkion zaintza partekatuari. Hori bai, horretarako bi gurasoek eskatu behar dute, eta fiskalaren informeak ere bidea eman behar dio horri. Iparraldean, akordiorik egon ezean, partekatua izango da zaintza. Iaz, Hegoaldean, kasuen %86,9tan zaintza amari eman zitzaion, eta kasuen %,5,2-tan aitari. Zaintza partekatua kasuen % 7,9tan eman zuten.

Bikotea akordio batera iristen ez denean, konponbidea lortzeko modu bat familia bitartekaritza izan daiteke. EAEko Familia Bitartekaritza Elkarteko Soraya Loza psikologoak eta Cristina Merino abokatuak argi uzten dute zein den halako elkarte baten zeregina: bananduta egon arren, bai aitak eta bai amak ardura bat dute seme-alaben zaintzan eta heziketan. Ardura hori nola gauzatu erabakitzen eta zehazten laguntzen diete.

Bizkaian gizonek elkarte berri bat sortu dute, Piper Txuriak deiturikoa. Elkarte honen eginkizuna zaintza partekatua emakume eta gizonen artean berdina izatea da. Dibortzio kasu gehienetan kustodia amari eman ohi zaiolako.
Beraiek hau adierazi nahi dute:
Gurasoak bananduta bizi direnean, adingabeko seme-alaben zaintza partekatua indarrean jarri behar dela baldin eta erabaki hori hobesten duen aurretiazko testuingurua badago, adingabekoen heziketa eta garapenerako aukera onena bada eta gurasotasun arduratsua gauzatu ahal izatearekin bat badator.

1. Aukera honek, adingabekoekin zer ikusia duten guztiek bezalaxe, hauen onurako izan behar duela, beti ere beren interesak errespetatuz eta beren bizimodua eta ohiturak mantenduz. Era berean, guraso bakoitzak lehen izandako arreta eta dedikazioa ere kontuan izan beharko da.

2. Bere izaeragatik, zaintza eta hazkuntza partekatuak ezinbestez eskatu behar duela gurasoak elkarrekin moldatzea, hazkuntzan trebatuak izatea, elkarren ondoan bizi izatea eta haien astia adingabekoen beharrak betetzeko egokia izatea.

3. Arestiko baldintzak betetzen direnean, sendi-epaileek ebatziko dute zaintzaren gainean, eta hauek kontuan izango dute berdintasun printzipioa ez dela nahitaez guraso bakoitzak ardurak eta denborak berdin-berdinak izatea. Hortaz, zaintza gurasoetako bati bakarrik ematen diotenean, adingabekoen onurarako litekeen kalterik txikien gisa hartuko dute.

4. Guraso biek partekatuko dituzte adingabekoen eta sendiaren etxeko gastuak, bakoitzaren baliabide material eta ekonomikoen arabera, eta beti ere babes handiena behar duen gurasoaren alde.

Bukatzeko, guk esan nahi dugu zaintza partekatuaren alde gaudela, ulertzen dugu bai ama eta bai aita biak dutela eskubide bera denbora tarte berdinaz gozatzeko beraien seme-alabekin. Eta beraz, egungo datuak aldatzen joan beharko lukete, zaintza partekatuaren alde handituz.

 


Azalera itzuli