32. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

BEHAR DUGUNAZ GAINEZKO AZUKREAREKIN ZER?

irudia

Ez al zaizue iruditzen gaur egungo azukrearen kontsumoa neurriz-gaindikoa dela? Edari freskagarriak, gozokiak, latetan kontserbatutako produktuak… Guztiei azukrea eransten zaie. Guk, ohartu gabe, egunean behar duguna baino %40 azukre gehiago ematen diogu gorputzari. Honek izugarrizko menpekotasuna sortzen du, eta zer esanik ez, gaixotasun kaltegarriak ere bai.
Azukrea zapore gozoa duen monosakarido bat da. Azukreak izugarri handitzen du energia epe laburrean (gramoko 4 kaloriako balio energetikoa dute), eta, horregatik, oso onak dira nekatuta gaudenean, edo esfortzu bat egin ondoren indarberritzen ari garenean, baina ez dute nutrizio-baliorik.
Oso pertsona gutxiri ez zaizkie gustatzen gozokiak; noizean behin jateko baldin bada ere. Obesitatea Europan gero eta gehiago zabaltzen ari denez, eztabaida handiak ari dira sortzen azukreak gure eguneroko dietan betetzen duen funtzioari buruz. Gehiegizko pisua edukitzea edo gizena izatea bihotzeko gaixotasunak izateko arrisku-faktore garrantzitsua da.
Gizateriaren historia luzean gertatu izan denaren aurka, gaur egun gaixotasun kronikoak dira heriotza-kausa nagusia. Alegia, jende gehiago hiltzen da gaur egun minbiziaren, diabetesaren eta bihotzeko gaitzen ondorioz, birusek eta bakterioek sortutako gaixotasunengatik baino. Eta batzuek argi dute zein den horren erruduna: azukrea. Horregatik eskatzen dute beste substantzia toxikoen pare tratatzea, eta haren kontsumoa mugatzeko neurriak hartzea.

Batzuek azukreak sortzen duen dependentzia alkoholak sortzen duenarekin alderatzen dute: "Azukreak neurrigabekeriara eramateko arrisku garbia du. Tabakoak eta alkoholak bezala hurrengoan ere hartzera bultzatzen zaitu". Hau da, garuneko sare-sisteman dopaminaren seinalea murrizten du, eta, beraz, janak sortzen duen plazera apaldu eta jaten jarraitzera bultzatzen du.
Robert Lustig, Laura Schmidt eta Claire Brindis Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileak dira, eta Nazio Batuen arabera hiru direla gaixotasun ez-kutsakor nagusiak diote: tabakoa, alkohola eta dieta. Eta tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa arautzeko araudi zorrotzak dauden arren, ez dela gauza bera gertatzen dietarekin. Ikertzaile hauek jabetzen dira janaria arautzea ez dela hain erraza; azken finean, haien hitzetan, "janaria beharrezkoa da; aldiz, tabakoa eta alkohola ez dira ezinbestekoak". Horregatik, uste dute ondo zehaztu behar dela dietaren zer zati kontrolatu behar den. Haiek garbi dute: edariei eta elikagaiei gehitutako azukrea dela mugatu beharrekoa.
Gai honen inguruan beste hainbat iritzi ere badaude, oso gai eztabaidagarria delako. Beste artikulu baten arabera, azukreak eta alkoholak antzeko eragina dute osasunean, eta azukrearen kontsumoa murrizteko zenbait neurri proposatzen dituzte, hala nola produktu azukredunei zergak ezartzea, eta salmenta-orduak eta erosleen gutxieneko adina mugatzea.
Frantziako Asanbleako diputatuek zuzenketa bat egin zieten 2014ko aurrekontuei, urtarriletik aurrera kafeina edo taurina asko duten edari freskagarriei zerga berezi bat ezarriz. Red Bull, Monster, Burn eta antzekoek euro bateko zerga ordaindu beharko dute litroko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Osasun agentzia batek frogatutzat jo du edari energetikoek kalteak eragin diezaizkiokela osasunari. Iaz, antzeko zerga bat atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, «arrazoi objektiborik» ez zuelako.
Azukreak osasunean dituen ondorioak alde batera utzita, zer dute janari eta edari azukredunek hain erakargarriak izateko kontsumitzaileontzat? EHUko Bittor Rodriguezen ustez, bi dira eragile nagusiak, bat fisiologikoa eta bestea heziketaren ondoriozkoa.
"Alderdi fisiologikotik, azukrea oinarrizko energia-iturria da; horregatik jotzen dugu janari eta edari gozoak hartzera", dio Rodriguezek. Hala ere, hori baino eragile sendoagoa iruditzen zaio heziketarena: "Hain zuzen ere, gure bizitzaren lehen sei hilabeteetan hartzen dugun elikagai bakarra amaren esnea da. Eta bularreko esnea gozoa da. Beraz, lehen sei hilabeteetan, ez dugu beste zaporerik hartzen. Gero, pixkanaka, beste zapore batzuk dituzten elikagaiak joaten dira sartzen dietan, eta askotan, kosta egiten da zapore horiek onartzea. Hala ere, jatorduaren amaieran, normala da berriro zapore gozoa duen zerbait ematea haurrari: biberoia, esne pixka bat..."

Rodriguezen esanean, ohitura horrek helduarora arte irauten du. "Heldutan ere ohikoa da azkenburukoa gozoa izatea. Horrela ohitu gaituzte, eta hori dugu gustuko, zapore gozoaren memoria txiki-txikitatik dugulako finkatuta garunean. Beti izango da sari bat."
Azukrearen ordez erabiltzen den gozagarri zabalduenetako bat aspartamoa da. Azukrea baino 200 aldiz gozoagoa eta kaloria gutxikoa izanik, aspalditik erabiltzen da janari, edari eta litxarreria ugari gozatzeko. Herrialde gehienetan gehigarri segurutzat jotzen da, eta gehienezko kontzentrazioa ere ezarria dute. Adibidez, EFSA Europako Elikagaien Segurtasun Agentziak 40 mg/kg-ko du ezarria muga. Muga hori gainditzeko, egun berean 12 freskagarri-lata baino gehiago edan beharko lituzke pisu arrunta duen pertsona batek.
Alabaina, epe luzean aspartamoa kontsumitzeak minbizia izateko arriskua areagotzen duela ikusi dute animaliekin egindako ikerketa batzuetan. Beste batzuetan, fetuaren garapenari kalte egiten diola atzeman dute. Aspartamoa metabolizatzean sortzen den molekula bati egotzi dizkiote eragin toxiko horiek, fenilalaninari.
Berez, badira fenilalanina onartzen ez duten pertsonak, ez dutelako fenilalanina hidroxilasa entzima sortzen. Fenilzetonuria deitzen zaio gaitz horri, eta garrantzitsua da goiz diagnostikatzea, bestela fenilalanina metatu eta atzerapen mentala eragiten baitu. Fenilzetonuria duten pertsonek, noski, ezin dute aspartamoa hartu.
Bestelakoan, ordea, ez dute frogatu aspartamoaren eta minbiziaren arteko erlazioa dagoenik pertsonetan, ezta fetuari kalte egiten dionik ere. Dena dela, eta kezka guztiak uxatzeko asmoz, EFSAk berriro aztertu ditu aspartamoaren ondorioei buruzko bi mila ikerketa, eta segurua dela ondorioztatu du. Azken txostena zientzialarien eskura jarri du, interesa duen edonork aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera izan dezan.

Baina ba al du zentzurik aspartamoak animaliengan minbizia sortzeak eta gizakiongan ez? Ez al gara gu ere animaliak? Guk honen inguruan ondorio argi bat dugu. Azukrearen atzean izugarrizko interesa eta dirua mugitzen dela. Eta produktu honen industriaren inguruko egia azaleratuz gero, bai gobernuek, baita multinazionalek ere badutela zer galdua. Beraz beraien gezurrekin, guztiok engainatu eta aurrera jarraitzen dute. Baina gure esku dago horri irtenbidea ematea. Izan ere, azukre larregi duten produktu hauek ez bagenitu erosiko multinazionalek ez lukete zer eginik edukiko eta arazo hauek ezabatuko lirateke neurri batean.


Azalera itzuli