31. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

ODOLAREN MINERALA

irudia

Badirudi gaur egun ezin gaitezkeela bizi telefono mugikorrik gabe. Aurrerapen handi bat izan da guretzat, baina errealitate ilun bat dago hau guztiaren atzean. Sufrimendua eta heriotza da Kongo bezalako herrialdeetan dagoen egoera, eta dena guk teknologiaz gozatzeko?

Koltana, kolunbita eta tantalioz osatuta dagoen minerala da hortik asmatu zuten “col-tan” laburdura. Kolunbitak ez dauka ezaugarri berezirik eta baztertu egiten da, baina tantalioaren ezaugarriek elektronikarako oso aproposa egiten dute: orain arte beti erabiltzen zen kobrea baino %80 eroale hobeagoa da, beroari bikain eusten dio eta berarekin egin daitezkeen hariak kobrearenak baino ehun aldiz finagoak dira, hori dela eta, miniaturazko zirkuituetan korrontea kontrolatzeko gaitasuna du. Horregatik erabiltzen da hegazkinetan eta energia atomikoarekin ari diren lantegietan ere. Eta hori guztia gutxi balitz, ez da herdoiltzen.

Munduko koltan gehiena, %80a, Afrikan dago; Kongoko Errepublika Demokratikoan dauden Ipar Kivu eta Hego Kivu lurraldeetan. Lurralde horiek Kongoko ekialdean daude, Ruandako mugatik oso gertu. Ipar eta Hego Kivutik ateratako koltanaren %60a -Bukavu edo Goma aireportuetatik ala kontrabandoz Ruandako aireportuetatik irteten da.
Honez gain koltana Brasil, Thailandia edo Australia ere aurki daiteke.

Aparatu teknologikoek 4 material berezi hauek dituzte:
-Tantalioa (TA) soinua egiteko erabiltzen da
-Wolframioa (W) bibrazioak egitea ahalbidetzen du
-Eztainua (SN) zirkuitua soldatzeko erabili ohi da.
-Urrea (AU) kableak estaltzen ditu.

Orain dela urte batzuetako ordenagailuak ikusgarri txikiagotu dira. Sakelako telefonoak ere asmatu ziren eta orain zenbatezinak dira. Gaur egun, neurri, helburu eta kolore guztietako aparatu elektronikoak erabiltzen ditugu: argazki kamerak, MP3-ak, MP4-ak, iPod-ak, iPhone-ak, PlayStationak, eta abar. Aparatu horiek guztiek gero eta zirkuitu elektroniko konplexuagoak dituzte, bateriek gero eta gehiago irauten dute eta, hala ere, gero eta txikiagoak dira, gero eta gutxiago berotzen dira eta gero eta pisu gutxiago dute. Nola izan daiteke? Zeri esker lortzen dira hainbeste aurrerapen eremu honetan? Hein handi batetan, aipatutako aurrerapen horiek guztiak, gauza bakarrari esker eman dira: koltan minerala.


Hori da, beraz, geroz eta aparatu elektroniko txikiago eta aurreratuagoak izatearen sekretua, informazio-gizartera heltzen lagunduko digun mineral miragarria. Baina zoritxarrez gauzak ez dira hain politak. Koltanaren atzean errealitaterik odoltsuena eta krudelena dago. Hainbat multinazionalek, guk ezagutzerik nahi ez duten arazoak ezkutatu egiten dituzte. Enpresa horiek guztiek duten botereari esker, hedabide askotan ezagutzera ematen ez diren datuak daude. Baina, lasai, labur bada ere, urre grisa deitzen duten mineral honen egia batzuk azalduko baititugu jarraian.
Koltana ez da meatzetan aurkitzen, lurraren gainazalean barreiatuta baizik. Azken ikerketek erakusten duten bezala, koltana duela 3.000 miloi urte sumendiak zeuden lekuen inguruan aurki daiteke. Sumendiek botatako hautsaren emaitza dela dirudi; hori dela eta, oso leku gutxitan dago eta, gainera, eskuratzen oso zaila da, lurreko gainazalaren eremu handiak txikitu behar baitira. Horrek Kongoko baso eta animaliengan duen eragina ahaztu gabe, meatokietan lan egiten dutenen gaineko eragina izugarria da.
Koltana bilatzeko egiten dituzten kobatxoetan sartzeko eta ibiltzeko aproposenak umeak dira, gorputz txikiak baitituzte. Motrailua eta zizela eskutan, beraien gaineko lurra apurtzen aritzen dira haurrak eta hori oso arriskutsua da. Zazpi eta hamabost urte bitarteko hainbat eta hainbat ume, eskola utzi eta inolako segurtasun neurririk gabe koltan bila aritzen dira kobazulo arriskutsuetan. Egunero Kongoko meatoki horietan 2.000 ume eta nekazari hiltzen dira zanpatuta. Bertatik ateratzen den koltan produkzioa kontuan hartuz, koltan kilogramo bakoitzak bi umeren heriotza suposatzen duela kalkulatu da.
Nazio Batuen Erakundeak auziaren inguruko txosten bat argitaratu zuen 2002. urtean: umeak esklabo bezala lan egiten zuten meatokiak zeudelako Kongoko koltana ez erostea gomendatzen zuen. Egun, sakelako telefono egile gehienen webgunetan produktuen osagarri guztiek arau ekologiko denak betetzen dituztela eta produkzio kateko partaide guztien giza eskubideak errespetatuz lan egiten dutela irakur daiteke, baina, tamalez, gezur hutsa da. «Blood Coltan» dokumental bikainak erakusten duen bezala, multinazionalek Kongoko errebeldeak finantzatzen dituzte eta, horrenbestez, bahiketek, lapurretek, ustelkeriak eta indarkeriak betirako iraun dezakete. Inongo kontrolik gabe eta baldintzarik ankerrenetan lortutako koltana, jatorria Belgikan duen Traxys multinazionalak erosten du (Umicore Sogem bezala ere ezagutzen da), eta jarraian Txinako telefono lantegietara saltzen du. Izan ere, azken batean, Txina gaur egungo mundu globalizatuaren lantegia bihurtu da. Traxys multinazionalak ez du ordezkaritzarik Euskal Herrian, baina bai ordea Parisen, Madrilen eta Bartzelonan, munduko beste hogei hiri gehiagotan bezala.
1998tik gerran ari dira Kongon, koltanaren hobiak kontrolatzeko borrokan. Hainbat erakundek diotenez, Kongoko meategi gehienak Ruandako armadak kontrolatzen ditu. Ruandako armadak koltana meategietatik aterata dagoenean Ruandara eramaten du, beste herrialde batzuetara esportatzeko, hala nola Alemaniara, Estatu Batuetara, Herbehereetara, Belgikara eta Kazakhstanera. Mineral honen esplotazioak eragindako gerrak 5,5 milioi hildako ekarri ditu.
Petrolioa bezala, koltana ere bukatu egingo da. Denbora kontua besterik ez da. Bere ustiapena orain dela urte gutxi hasi bazen ere, laster horniketa arazoak hastea aurreikusten da. Bitartean, kaleko jendeak ez daki honi guztiari buruz ezertxo ere eta erabilitako koltanaren %20-%25 bakarrik birziklatzen dugu.
Gainera alternatibak aurkitzea ez da erraza. Tantalioak dituen ezaugarri paregabeetara heltzen den osagai bakarra paladioa da, urre zuria ere deitzen dena, baina koltana baino askoz urriagoa da eta ez luke ezertxo ere konponduko. Beraz, teknologia berri eta eramangarrien gero eta mendekotasun handiagoa duen gure gizarte honek hartu duen bidea kale itsua izan daiteke. Noiz konturatuko gara daramagun martxa jasangaitza dela? Koltanak gure etorkizun hurbilean izango duen erabateko garrantziaz konturatu direnak gero eta gehiago dira eta koltana kontrolatzeko gerra gori-gorian dago.
Guk, bitartean, jarrai dezagun ezertaz arduratu gabe gure sakelako telefonoa erabiltzen eta aparatu elektronikoak barra-barra erosten, eragiten ari garen sufrimenduari eta sortzen ari garen arazoari inolako kasurik egin gabe. Baina ez erostea al da egokiena? kontuan hartu behar dugu koltana dela beraiek dirua irabazteko duten bide bakarra eta azken batean, erosten ez badugu duten diru eskasia oraindik ere urriagoa izango da. Baina ongi pentsatuta, zertan lan egingo ote zuten telefono mugikorrak existitzen ez zirenean? Bertako lurra ez-emankorra da eta ezingo litzateke bertan lanik egin “agintari potoloek” ura eramaten ez badute. Baina interesatzen al zaie beraiek nekazaritzan lan egitea? Nola lortuko genuke orduan koltana gure mugikorrak erabili ahal izateko? Gure mugikorrak milaka pertsonen bizitza baino ezinbestekoagoak al dira?


Azalera itzuli