30. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

Erabilerarik gabeko etxeak

irudia



Euskal Herrian 232.000 etxe inguru daude erabilpen oso eskasa edo erabilpenik ematen ez zaienak, hau da %15a pasatxo. Etxe hauek hutsik daude edo oporraldian soilik erabiltzen dira, eta gehienbat kostaldean aurkitzen dira. Datu hauek kezkagarriak dira, batez ere kontuan hartzen badugu gaur egun 25-30 urte inguru bete arte gazteak ez direla gurasoen etxetik independizatzen. Bestalde, Usurbilgo datuak ere ematen digute zer pentsatua, udaletxetik pasa dizkiguten datuei begira jarriz gero.

Esan bezala Euskal Herrian 232.000 etxebizitza erabilpen oso eskasa ari dira jasotzen. Neurriak hartu beharra eskatzen dute datu hauek, baina aintzat hartzeko modukoa da eraikitako etxebizitzei ematen zaien erabilera ere. Etxe horietako gehienak 124.000, erabat hutsik daude. Gainerakoak aldiz, opor garairako soilik erabiltzen dira, urte osoan aste batzuetarako; hauek 108.000 etxebizitza baino gehiago dira. Gehienbat, lehen aipatu bezala, itsasertzeko herrietan daude eguneroko bizimoduan erabiltzen ez diren etxeak; erdiak baino gehiago dira kasu batzuetan. Herri aipagarri horietako bat Lapurdi da, izan ere bertan, dagoeneko erdia baino gehiago baita erabilpen eskasa jasotzen duen etxebizitza kopurua, eta zoritxarrez kopuruak gora egingo du irtenbiderik aurkitu ezean.

Hutsik dauden etxeen kopurua ere aintzat hartzekoa da. Nafarroan, hamarretik bat dago horrela. Herri batzuetan, gehiago: etxeen laurdenak daude hutsik Baztanen, Cascanten eta Lodosan. Orozkon (Bizkaia), etxeen herenak.

Etxe asko eraiki dute azken hamarkadan Euskal Herrian. Gaur egun 1,5milioi etxe daude. Hamarkada batean 215.000 etxe egin dituzte; %17 hazi da kopurua. Hori diote behintzat Argia aldizkaritik ateratako 2011ko datuek. Eta etxe hutsen kopurua ere asko hazi da, %10a inguru. Opor garaiko etxeak ere ugaritu dira, baina gutxiago, hamarkada batean 2.500; %2a gehitu da.

Nahiko etxe badela uste du Pilar Garrido EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) irakasleak. «Zentzurik ez du etxe gehiago egiten jarraitzeak. Dagoenari etekina atera behar zaio». Zer egin pentsatzeko unea da, haren arabera. «Gelditu egin behar dugu, eta planifikatu, eraikita dagoena oinarri dela».

Dirudun askok etxea erosten dute eta ondoren jartzen duten alokairuarekin espekulatu. Ez dute urte osorako alokatu nahi. Nahiago dute hamar hilabetez gazte bati prezio normalean alokatu etxea, eta uda datorrenean gazteak etxea utzi, eta hileko alokairua egin beharrean asteko alokairuan jartzea. Ona da negozioa. Baina, etxeak hutsik egoteak, espekulatzeak eta horrelako jarrerek etxebizitzari buruz dagoen irudia islatzen dute, hau da, batzuentzat negozio bat besterik ez dela.

Lehen aipatu bezala Usurbilgo etxeen datuak ere azalduko dizkizuegu. Oso kezkagarriak ari dira bilakatzen. Udaletxeko informazio iturriek 119 etxe inguru daudela hutsik jakinarazi digute. Erabilerarik ematen ez zaien etxe gehienak Santuenea auzoan aurki ditzakegu, 18 inguru. Eta beste aldetik etxe huts gutxien dituzten auzoak bi dira, Zubieta eta Txikierdi, 5 etxe hutsekin. Aipatu digutenez etxe hauek hutsik egotearen arrazoi aipagarrienak bi dira; batetik herentzian jasotako etxebizitza bat edukitzea eta bestetik bigarren etxebizitza bat edukitzea, oporretarako edo alokairuan edukitzeko.

Hau guztia esan ostean, gure iritzia eman beharra daukagu. Gure ustetan, etxe hauek hutsik daude alokairuan beharrean salgai jartzen dituztelako eta salmenta prezioak gazteentzat altuegiak direlako. Beste aldetik, alokairuan daudenen prezioak ere altuegiak dira, kontuan hartzen badugu ikasketak egiten ari den gazte batek irabazi oso eskasak dituela. Beraz irtenbide bat proposatzen dugu guk, etxe gehiago jartzea alokairuan baina prezio baxuagoetan.

Guk oraindik 15 urte ditugu beraz, guretzat ez da etxetik joateko ordua heldu. Baina kezka geurea ere bada, izan ere, irtenbide bat ez bazaio aurkitzen arazo honi, orain gertatzen ari den moduan, 30 urte bete arte ez dugu etxetik joateko aukerarik izango.


Azalera itzuli