3. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

Erraustegia usurbilgo herrian

irudia

ERRAUSTEGIA , GURE BIZITZETATIK OSO HURBIL


Erraustegiarena oso gertukoa dugun gaia da Usurbilen, izan ere, Zubieta auzoan jarri nahi dute. Inguruko biztanle guztiak larritzen dituela argi dago eta talde ekologistak geroz eta haserreago daude Donostiako Udalak hartu duen erabakiarekin. Herri ekimenak egin dituzte zenbait taldek, baina badirudi ez duela ezer askorako balio, proiektuak aurrera jarraitzen baitu. Herritar guztiak beldurtuta gaude, kezkatuta, erraustegiaren eragina zuzenekoa izango baitugu, Udarregi ikastolatik 1,5km-tara egongo da. Zubietarrak lantegi horretatik 930m-tara egongo lirateke eta lasartearrak, berriz, 1,4km-tako distantziara. Datu horiek ikusirik, erraustegiaren kokalekua erabakitzeko Uusurbil zerutikgaraian ez dutela gehiegi pentsatu ondorioztatu genezake, 400m-tara Zubietako auzotar batzuk bizi baitira. Ez dugu horrelako lantegirik gure inguruan nahi, baina zergatik? Ba al dakigu zer den erraustegi bat?

Erraustegiak lantegi industrialak dira eta zabor kamioiek bertara eramaten dituzte hondakinak. Harrera hobian uzten dira hondakinak eta handik, erreketa-galdarara garraiatzen ditu garabiak, tenperatura garaietan erretzeko. Galdararen azpiko aldean hondakin-errautsak bildu egiten dira eta handik, sortzen diren lurrin eta gasak beste galdara batera pasatzen dira, karea eta ikatz aktiboa (dioxinak eta furanoak, metal astunak eta abar xurgatzen dituztenak) erantsita garbiketa prozesua egiteko. Azkenik, gas eta lurrin horiek iragazkian pasatzen dira, partikula eta substantziak kentzeko eta tximiniatik kanpora botatzen dira. Erraustegi modernoenetan lurrin beroa aprobetxatu egiten da eta birberotu egiten da, energia elektrikoa sortzen duen turbina elikatzeko; sorturiko energia sare orokorrera bidaltzen da. Horrela, beraz, erraustegien bidez zabor kopurua gutxitu eta energia produzitzen da.

Zaborra errausteko lehen instalazioak 1970eko hamarkadan agertu ziren. Zaborra erretzera mugatzen ziren, sortzen ziren gasei eta gerta zitezkeen isuriei inolako tratamendurik egin gabe. Ondorengo erraustegiek, berriz, apur bat aurreratu zuten, bazituzten errekuntzan sortutako gasetarako tratamenduak, nahiz eta ez izan oso eraginkorrak. 1990eko hamarkada arte iraun zuten horrelakoek, hortik aurrera, zaborren arazoa konpontzeko zabortegiak erabili izan dira batez ere. Azken urteetan, zabortegiek dituzten arazoen ondorioz (gero eta toki handiagoa behar da, eta gas eta lixibiatu poluitzaileak sortzen dira), hondakinak errausteko instalazioak ugaltzen ari dira. XX. mendearen bukaeran sortutako erraustegiek, gasen tratamendua hobetzeaz gain, eraginkortasuna gehitu zioten bere zereginari: errekuntzaz baliatzen hasi ziren energia sortzeko. Dioxinekin eta gainerako gai toxikoekin, ordea, ez zuten ezer egiten. Dioxinen tratamendua integratua duten erraustegiak, azken belaunaldikoak, XXI. mendearekin batera sortutakoak dira. Hemen horrelakoak egingo dituzte, baina horrekin ere ez daude konforme erraustegien aurkako erakundeak; izan ere, segurtasun-neurrien eta ingurua eta osasuna babesteko neurrien eraginkortasunaren inguruko zalantza ugari daude.

Zaborrak erraustea aukera eztabaidatua da hondakinen pilaketa konpontzeko, aldeko eta aurkako jarrerak baitaude. Agerian geratu da dagoeneko ez dela aski hondakinak pilatu eta gure begien aurretik kentzea eta, beraz, hiri-hondakin solidoak gizakientzat ahalik eta kalte gutxien eraginda eta ingurumenarekiko errespetuz desagerrarazteko formulak aurkitzearen inguruan sortu da eztabaida. 3B formulek (birziklatu, berrerabili eta berreskuratu) arindu egiten dute hondakinak biderkatzeko joera, baina ez dute arazoa konpontzen, ez baitira inondik ere ohiko praktika (Espainiako estatuan, hondakinen %70 zabortegira joaten da eta %11 baino ez da birziklatzen).

Erraustegietan dioxinak askatzen direlako Greenpeace eta antzeko erakunde ekologistek kritikatu egiten badute ere, zenbaiten ustez horixe da zaborra tratatzeko alternatiba egokiena, zabor horien bolumena eta pisua dezente murrizteaz gainera, energia elektrikoa sortzen dutelako. Erraustegiak minbiziaren sortzaile izan daitezkeen gas (CO2, SO2, nitrogeno-oxidoak, hidrogeno-kloruroa eta floruroa) eta bestelako substantzia kaltegarriak (bentzopirenoak, alkitranak, etab.) sortarazten dituela onartzen badute ere, errauste-prozesuak gai horiek guztiak azkenean suntsitu egiten dituela eta dioxinen (hots, eragin kantzerigenoak dituzten substantzia toxikoen) igorpena hutsaren hurrengo izateraino urritzen dela diote. Erraustegien aldekoen iritziz, errausketaren ostean geratzen diren hondakin metalikoak tratatuak izaten dira eta, era horretan, beren toxikotasuna desagertu egiten da. Horri begiratuz, Espainiak 2000 urtean bertako Hondakin-Planari onespena eman zion.

Erraustegien aurkakoek, berriz, kutsadura handia eragitea eta zaborren bereizketa-programen garapenaren aurkakoa izatea egozten diote, bainan ez da arrazoi bakarra. Leporatzen dioten beste arazo bat ekonomikoa da, industria horiek martxan jartzeko sekulako milioi piloak inbertitu behar baitira.

Gure herrian, erraustegiak beharrezkoak ez direla uste dugu gehienok eta hori baieztatzeko asmoz, alternatiba berri bat jarriko da martxan, etxez etxeko bilketa. Lehenengo herria izango gara proiektu hori martxan jarriko duena Euskal Herrian. Gaikako hondakinak etxez etxe biltzean datza eta horretarako, auzo bakoitzak eguna eta ordua izendatuta edukiko ditu hondakin mota bakoitza jasotzeko: adibidez, igandean 8etatik 10etara papera, edo larunbatean zabor organikoa… Birziklatu daitekeena, lehengo moduan, birziklatu egingo da, baina birziklatze ontziak gure kaleetatik desagertuko dira eta zabor organiko guztia konpostatu egingo da ongarri bezala erabiltzeko. Horrela egiztatu ahal izango da erraustegiak ez direla ezinbestekoak.

Hala ere, guk gure aldetik egindakoa agian ez da nahikoa izango. Denok dakigu, erosten ditugun produktuetan, paper, plastiko… mordoa soberan dagoela, baina hala eta guztiz ere, enpresariek ez dute ezer egiten hori aldatzeko. Zergatik ez ditu gobernuak behartzen kontsumitu beharreko produktuak hondakin gutxiagorekin fabrikatzera? Beharbada, horrenbeste birziklatu beharrean hondakin gutxiago sortzetik hasi beharko genuke.

 http://es.youtube.com/watch?v=LBAWd7gYKTo


Azalera itzuli