23. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

Gorputz perfektu bila

irudia

GORPUTZ PERFEKTUAREN BILA

Gaur egungo gizarteak ez du edozein gorputz eredu onartzen, gero eta argalagoak izan behar gara, hori modan dagoelako. Gure gorputzarekin pozik egon arren gizartetik kanpo sentiarazten gara eta argaltzeko beharra sartzen zaigu, modan jarri direlako “gorputz perfektuak”.Baina, nork ezartzen ditu modak? Nork erabakitzen du nolakoak izan behar dugun perfektuak izateko?
Edertasun ereduak ez dira berdinak herrialde eta kultura guztietan, adibidez, txinatarrek oin txikiko neskak dituzte gogoko eta beste herrialde batzuetan berriz, ipurdi lodikoak. Beste alde batetik, edertasun ereduak urteek aurrera egin ahala aldatuz joan dira, eta, aurrerantzean ere, aldatzen jarraituko dute. Garai batean, gorputz polita edo perfektua edukitzea pixka bat potolo egotearekin erlazionatzen zen eta gustukoago zituzten azal zuriak beltzaranak baino. Gaur egun ,aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen da. Izan ere, modan jarri diren "gorputz perfektuak" gorputz argalak, landuak, beltzaranak eta politak izaten dira.
Ba, oso argi dago, gaur egungo gizartearen ondorioa da gazteak gorputz perfektuaren bila ibiltzea hain zuzen ere. Hau da, mota guztietako kosmetikoen merkatua, gimnasioak, etxean bertan gimnasia ariketak egiteko saltzen dituzten makinak, asmatzen dituzten hainbat dieta miragarri, eta abar. Hori guztia egunero sartzen digute begietatik bai telebistaren bidez, bai albisteen bidez, eta azkenean, nahitaez, telebistan agertzen diren gorputz argal eta polit horien antza edukitzeko gogoa pizten zaigu.
Horrek, ondorio nabarmenak sortzen ditu gure gizartean. Hau da, gero eta garrantzi gehiago ematen diogu kanpoko itxurari, eta ez bakarrik emakumeok, gero eta gehiago dira euren itxura fisikoa zaintzen duten mutilak ere, bai kremak erabiliz, bai gimnasioetan gorputza landuz. Gure itxura zaintzea ez da txarra, baina beti neurri baten barruan. Arazoak etortzen dira jendea gorputz perfektua lortzearekin obsesionatzen denean eta osasungarria den baino kirol gehiago praktikatzen duenean, edo dieta oso zorrotzak jarraitzen dituenean. Gainera, txorakeria horiek guztiak eginda ere, nahi den gorputz perfektua lortzera heltzen ez denean, hainbat kasutan, depresioak etor daitezke, edo gorputzarekiko obsesioarekin lotuta dauden hainbat gaixotasun sor daitezke, anorexia eta bulimia, besteak beste.
Anorexia duten pertsonak, normalean, kontrolik gabeko dieta batekin hasten dira argaltzen. Beren kontura zenbait janari alde batera uzten hasten dira, hasiera batean gozoak edo beren ustez gehien gizentzen duten janariak. Modu horretara, pixkanaka-pixkanaka gero eta gutxiago jaten hasten dira, eta ez dakite egoera horrekin amaitzen. Behar baino gehiago argaltzen dira, baina, hala ere, beren gorputza lodi ikusten dute.
Bulimiaren jatorrian, bizitzako hainbat egoerak bultzaturiko antsietate-depresio egoera bat egoten da normalean. Egoera horrek gaixoa izugarrizko janaldiak egitera bultzatzen du, ezkutuan. Ondoren, pertsona hori oso gaizki sentitzen da, eta barneratu duena kanporatzeko ahaleginak egiten ditu: ariketa fisiko ugari, barauak, oka... Ez dira hainbeste argaltzen, eta, horregatik, anorexia baino zailagoa da antzematen. Hala ere, egoera horrek izugarrizko desoreka sorrarazten du gorputzean, eta buruan.
Nahiz eta gai hauei buruzko informazioa guztiok eskuragarri izan, nahikoa ez dela dirudi, gaitz hauen kasu kopurua areagotu egin baita azken urteotan. Hala eta guztiz ere, pisuarekin erlazionaturiko gaixotasunak ugariak dira, gehiegizko pisua adibidez. Herrialde garatuetan ugariak dira obesitate kasuak, eta hau jaten duguna ez zaintzearen ondorioa da. Bizitza guztian zaindu beharreko zerbait da gure elikadura, haurtzaroan eta gaztaroan gure gorputzak aldaketa ugari jasaten baititu, eta honengatik ezinbestekoa da etapa hauetan ahora eramaten duguna arretaz zaintzea.

Komunikabideek eragin handia dute gaur egungo gizartean, eta berauetan gertatzen den kontraesana aipatu beharrekoa da. Telebistan adibidez, ugariak dira pisua eta beronen inguruko arazoen eztabaidak. Baina aldi berean, hain desiraturiko “perfekziotik” oso hurbil dauden pertsonak ikus ditzakegu gai hauetaz hitz egiten. Jaten dugunaren ondoriozko arazorik ez izateko, kontzeptu batzuk argi izan behar ditugu. Hasteko, argi izan behar dugu egunean zehar bost jatordu nagusi egin behar ditugula: gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta afaria, bakoitzari behar duen garrantzia emanez. Nahiz eta askotan denbora falta izan, ezinbestekoa da jan ohitura onak izatea. Hau da, jaterako orduan beharrezko denbora hartu behar dugu. Honez gain, lasai jateak berebiziko garrantzia du, honek digestioa errazten baitu, ondorio onuragarriak ekarriz. Honetaz guztiaz gain, ahoratzen ditugun elikagaiak oinarrizko faktoreak dira dieta osasuntsu bat lortzeko orduan.

Sexuak eta itxurak munta handia daukate baina, geure burua ez badugu ezagutzen, merezi duena baino arreta handiagoa gauza horietan jarriko dugu; hor dago arazoa eta horrek eragozten gaitu pozik egon gaitezen. Horregatik, argi eduki behar dugu garrantzitsuena osasuna dela eta geure itxura zaindu nahi badugu osasuna kaltetu gabe izan dadila, irtenbiderik egokiena dieta orekatu bat egitea dela eta kirol pixka bat praktikatzea, baina beti kontrol batekin. Modak baztertu eta ongi elikatu beharko ginateke, bizitza osasuntsuago bat izateko. Eta, horrez gain, oso inportantea da geure buruarekin gustura egoten jakitea, eta geure gorputza den moduan onartzea eta maitatzea.


Azalera itzuli