22. alea
edukiak
edukiak
Udarregi Ikastola

erreportaje nagusiaerreportaje nagusia

TIPI-TAPA TIPI-TAPA KORRIKA!

irudia

Korrika euskararen alde Euskal Herrian zehar egiten den martxa da, arineketan egiten den manifestazio baten modukoa, AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du. Bi urtez behin egin ohi da eta bi aste inguru behar izaten ditu lurralde guztia zeharkatzeko. Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi ditu. Ateratzen denetik amaitu arte, lekukoa eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere.
Lehen Korrika 1980an egin zen, Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatuz. Aurten, hemezortzigarren korrika ospatuko da, Andoaindik Baionara.
Martxaren buruan, lekukoa duen pertsona joaten da. Kilometro oro, lekukoa erakunde edo pertsona zehatz batzuek eramaten dute. Erakunde edo pertsona horiek kilometroa "erosi" egiten dute, AEK erakundea ekonomikoki laguntzeko.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Testiguaren atzean, martxaren burua osatzen da, non urte bakoitzeko leloa dakarren pankarta ikus daitekeen. Pankarta horren atzean gainerako jendea biltzen da, musikarekin lasterka. Eta, ibilbide guztian zehar, ospakizun kultural ugari izaten da.
Adibidez, martxoan Usurbilen ospatu zen Korrika Kulturala. Urtarrilaren 26an izan zen. Txotx garaia estreinatu berria izan zen garai hartan, sagardotegi erraldoi bat kokatu zuten kaxkoan. “Bertan egun osoko jaieguna antolatu dugu: herri bazkaria, bertsolariak... eta Esne Beltzaren kontzertua”, adierazi zuten Korrikako antolatzaileek.
Gainera, “Lekukoaren bila” izeneko ginkana bat ere antolatu zen. Gehienez 8 kidek osatutako taldeak osatu ziren. Euskaraz jolastuz ondo pasatzeaz gain, talde irabazleak bidaia zoragarri bat irabaziko du. Usurbilen ere egin zen ospakizun hau. Abiapuntua, Aitzaga ataria izan zen.Ekimena abiatu baino lehen, ondoko argazkia atera genuen. 
Azkenean, "Lekukoaren bila" izeneko ginkanarako sei talde osatu ziren, horietako bat (kamiseta horiekin) usurbildarrez osatua. Gainerakoak lasartearrak ziren. Denetariko frogetan parte hartu behar izan zuten. Ekimena, kaxko inguruan burutu zen.

Urteetan zehar, Korrika ibilbidez eta leloz aldatzen joan da:
1.1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra: Oñati-Bilbo . Leloa: Zuk ere esan bai euskarari.
2.1982ko maiatzaren 22tik 30era: Iruñea-Donostia . Leloa: AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde.
3.1983ko abenduaren 3tik 11ra: Baiona-Bilbo . Leloa: Euskaraz eta kitto!
4.1985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra: Atharratze-Iruñea. Leloa: Herri bat, hizkuntza bat!
5.1987ko apirilaren 3tik 12ra: Hendaia-Bilbo -. Leloa: Euskara, zeurea.
6.1989ko apirilaren 14tik 23ra: Iruñea-Donostia . Leloa: Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK.
7.1991ko martxoaren 15etik 24ra: Gasteiz-Baiona . Leloa: Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria.
8.1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4ra: Iruñea-Bilbo . Leloa: Denok maite dugu gure herria euskaraz. Korrika Kulturala ekimena hasi zen, baita Korrika Kirolaria ere (azken hori, desagertua).
9.1995eko martxoaren 17tik 26ra: Donibane Garazi-Gasteiz. Leloa: Jalgi hadi euskaraz.
10. 1997eko martxoaren 14tik 23ra: Arantzazu (Oñati)- Bilbo. Leloa: Euskal Herria Korrika!
11. 1999ko martxoaren 19tik 28ra: Iruña-Donostia . Leloa: Zu eta ni euskaraz. Bartzelona eta Londreseko euskaldunek ere Korrikak egin zituzten.
12. 2001eko martxoaren 29tik apirilaren 8ra: Gasteiz-Baiona. Leloa: Mundu bat euskarara bildu.
13. 2003ko apirilaren 4tik 13ra: Maule-Iruñea . Leloa: Herri bat geroa lantzen.
14. 2005eko martxoaren 10etik 20ra: Orrega-Bilbo . Leloa: Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!
15. 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era: Karrantza-Iruñea. Leloa: Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. Madril, Bartzelona, Mar de Plata, (Argentina) eta Pekingo euskaldunek ere Korrikak antolatu zituzten.
16. 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era: Tutera-Gasteiz . Leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!.
17. 2011ko apirilaren 7tik 17ra: Trebiñu-Donostia . Leloa: Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari.
18. 2013ko martxoaren 14tik 24ra: Andoain-Baiona. Leloa: Eman euskara elkarri.

Aurtengo korrika Usurbilera martxoaren 23an iritsiko da, larunbatean, 16:30 aldera. Orio aldetik etorriko da, Usurbildik pasaz, Lasarte aldera joango da eta bertatik, Hernanira. Martxoaren 24an amaituko da Angelu eta Baionatik pasaz, Baionan amaituko da.

Aurtengo korrikaren mezua hau da.
“Korrika 18k Eman euskara elkarri dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko.”
Dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu… Denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du. Kohesiorako lehengaia eta tresna.
AEK-ko kideok hizkuntza eta kultura bizien arteko bizikidetza aldarrikatzen dugu, eta munduarentzat defendatzen dugun kultura aniztasunak bertako aberastasunaren errespetuan eta sustapenean oinarritu behar duela deritzogu. Horregatik dugu helburu euskararen ikaskuntzan eta erabileran oinarritutako elkarbizitza.
Euskara UNESCOren hizkuntza gutxituen atlasean dago. Hizkuntza bizia da, baina ahula da bere egoera, eta oso kezkagarria lurralde batzuetan. Horregatik, botere publikoei dei egiten diegu euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. Baita norbanako eta erakunde guztiei ere euskara ikasi eta erabili dezaten, eta bere aldeko testuinguru soziopolitikoa sortu dezaten.

Zure herritik noiz pasako den jakin nahi baduzu, ibilbidea honako estekan topatu dezakezu: http://www.korrika.org/wp-content/uploads/ibilbidea1.pdf
Espero dugu aurtengo korrika beste urteetakoak bezain jendetsua izatea. Oso ona da kirol pixka bat eginez euskara bultzatzea, beraz irten zaitezte kalera korrikan parte hartzera.


Azalera itzuli